lunes, 13 de julio de 2009

Zientzia eta abentura elurretan. Alfred Wegener

Diotenez, umeei, lurraren globoari begira jartzen direnean ez zaie bat ere kostatzen Afrika eta Hegoamerikako kostak bata bestearekin jostea, haien formaren egokitasuna hain nabarmena izanik. Hori pentsatuko zuen, beharbada, Alfred Wegener umeak.

Heldutasunerako bidean, aldiz, pertsona gehienak, umekeriak alde batera uzten saiatzen gara, batzuetan zoritxarrez. Wegenerrek ez, ordea: Wegenerrek ideia horri ekin zion, eta ez hori bakarrik, bere zientzialari heldu-aroan ere entzundakoei kasurik egin gabe, bitxikeria horren, naturaren kapritxo tuntun horren azpian zeuden arrazoiak aurkitzen saiatu zen. Bere bizitza osoa horretan erabili zuen Wegener ume helduak, zientzialari akademikoek, serioek, helduek, barre egiten zioten bitartean.

Horrela, proposatu zuen aspaldi batean kontinente guztiak elkarturik zeudela “Pangea” izeneko superkontinente erraldoi batean eta pixkanaka txikitu eta bere zatiak urruntzen joan direla. Gaur egun ontzat hartzen dugun teoria hau, behin eta berriz demostratua izan dena gaur egungo teknologiekin, 1915ean proposatu zuen, horretarako hainbat froga -ez bakarrik geografikoak, baita fosiletan eta paleoklimatologian oinarrituak- bildu eta argitaratu zituenean “Kontinenteen eta ozeanoen sorrera” izenburuarekin. Teoriaren arrakasta ez zen 1960ko hamarkada arte iritxiko. Beranduegi, noski, Wegenerrentzat.

Alfred Wegener Groenlandian hil zen 1930ean. Bere hirugarrengo espedizioa zen lur hotz haietara, beti bere teoriaren frogak indartzeko aztarnen bila. Johannes Georgi eta Ernest Sorge bere lankide eta lagunak Groenlandia barruan antolatutako kanpamendu batean zeuden isolaturik eta janari gutxirekin, Wegenerren ustez. Iraila zen eta Wegener, Fritz Lowe lankidearekin eta 13 groenlandiarrekin kostatik irten zen 15 lerekin janaria eta ekipoa eramatera. Eguraldi oso txarra izan zuten, haize zakarra muturrean eta -54 graduko tenperaturak. Groenlandiar guztiek buelta eman zuten, batek ezik, eta 40 eguneko bidaia gogor baten ondoren, Wegener, Lowe –gaixorik- eta Rasmus Villumsen -22 urteko groenlandiarra- kanpamendura iritsi ziren urriaren 30ean. Bertakoen egoera ez zen hain larria: izotzean zulo bat prestatuta, bertan negua igarotzeko prest ziren, eta nahiz eta janari askorik ez zeukaten, kapaz sentitzen ziren udaberrirarte egoteko. Beraz, Wegenerrek eta bere lagunek egindako lana alperrik egindakoa zirudien.

Denborarik galdu gabe, Friz Lowe kanpamenduan besteekin utzita, Wegener eta Rasmus gaztea bueltan irten ziren kostako bidean, azaroaren 2an. Ura izan zen bizirik ikusi zituzten azken aldia: ez ziren helmugara iritsi eta hurrengo udaberrian, apirilean, bilatze espedizio batek Wegenerrren eskiak aurkitu zituen elurretan, zutik sartuta eta bastoi bat puskatuta erdian, kanpamendutik 118 km-tara. Inguruko elurrak zulatu zituzten hilobiraturen bat aurkitzeko asmotan baino kaxa huts bat besterik ez zen azaldu. Maiatzean Wegenerren gorpua aurkitu zuten, jantzita eta lozakuan sartuta. Diotenez, begiak irekita, aurpegi lasai eta ia irribarretsua zuen. Rasmus Villumsenen gorpua ez zen azaldu.

Wegener, Groenlandia uharte erraldoiaren mugimendua neurtu nahian zebilen; bere neurketak ez ziren zuzenak izan, garai hartan ezinezkoa zen asmatzea, baino gaur egun, GPS teknologiaren bitartez ezagutzen dugu datu hori. Munduan zehar badira 150 leku satelitearen bitartez kontrolatuak, eta emaitzek diote kontinenteak mugitzen hari direla, bai. Urtean zentimetro batzuen abiadan mugitzen da Groenlandia eta Wegenerren gorpua bere barruan, lurraren azaletik jitoan izotzek babestua. Agian noizbait, ziur aski, Groenlandia bere bidaia zentzugabe horretan berriro tropikoetara bueltatzen denean, hor libratuko da eguzkiaren beroaren eraginez Alfred Wegenerren hilotza eta orduan itzaliko da bere irribarre baketsua behin betiko.

Rafa

(Argazkiaren jatorria: Alfred Wegener institute, poloetako ikerketetarako alemaniar erakundea)

No hay comentarios:

Publicar un comentario