domingo, 6 de septiembre de 2009

Luzatze-ariketak iraupen eskirako

Gaur egun luzatze-ariketak entrenamenduaren nahitaezko parte bat bezala ikusi ohi ditugu. Berotze ariketekin batera, hauek prestatzen baitituzte gure muskulu eta artikulazioak kirol saio bakoitzerako. Baita ere, saio hauen ondoren, gure gorputza normaltasunera bueltatzerakoan ezinbesteko laguntza izaten dira.

Lesioei dagokienez eta nahiz eta kirol medikuntzan aditu guztiek ados dauden horretan (hemen ikus dezakezue artikulu bat), ez dirudi gaur egun erabat eta zehatz-mehatz, prebentzio aldetik bere onurak demostratu dituen ikerketa lanik dagoenik. Hala ere, hau alde batera utzita ere, aurretik komentatutakoak bakarrik, ematen dizkigu, bai, nahiko arrazoi luzatze-ariketak gure entrenamendu errutinan sartzea aholkatzeko.

Zein luzatze-ariketak, eta nola egin, ba dauzkate bere desberdintasunak kirol bati edo besteari bideratuta badijoaz. Hemen1 eta hemen2 daukazue estiramendu taula berezi bat iraupen eskiari begira, Bob Andersonen liburu famatutik ateratakoa.

Aholku labur batzuk luzaketak egiterako. Aurrenekoa eta nagusiena: luzatze ariketek ez dute inoiz minik egin behar; gauza da gure muskuluen luzatze sentsazio horrek ez duela minaren muga hori inoiz gainditu behar ez baditugu haien fibrak puskatzeko arriskutan jarri nahi. Honekin lotuta doa bigarren aholkua: ez inoiz min hartuta daukagun parterik luzatu, lesioa larritzeko arriskutan jarriko baikenuke.

Estiramendu ariketak beti ongi egin, aurretik ariketa ongi ikasi eta gorputzaren posturak ongi mantendu. Garrantzitsuena ez da inoiz norainoko luzaketa lortzea, bakoitzak bere neurrian egin beharko ditu, pertsona gutxi dira “espagat” egin dezaketenak, eta hori ez da helburua: gogorrak garenok ere estiramenduen mesedeak jaso ditzakegu, nahiz eta itxurazko emaitzak miserableak izan. Baina hori bai, beti, beti, ariketen posturak ongi egin.

Noski, gauzak ongi egiteko, nahiko denbora hartu. Entrenamendu denborak planifikatzerakoan, kontutan hartu, beti, aurreko eta bukaerako luzaketak eta horietarako leku egoki eta lasai bat bilatu.

Azken aholku bat: normalean jendeak errazago hartzen ditu kontutan, ahaztu gabe, kirol aurreko luzaketak. Hauek, ordea, garrantzia badute ere, laburragoak izan daitezke, edozein lekutan eginak azken momentuan, eta, beroketa orokorraren testuinguruan sartuta. Bukaerakoak aldiz, presarengatik edo, errazago ahazten ditugu eta benetan garrantzizkoak dira. Niretzat, dutxa ondoren gorputza bero eta bigun dagoenean, momentu ezin hobea da, leku lasai batean, alfonbra gainean estiratzeko, eguneko entrenamenduaren sentsazioak gogoratuz (adibidez, Somporten barrena elurpean lagunekin botatako izerdien oroitzapenak dastatzeko nire buruan). Horri ez zaio luzatze-ariketa deitzen, psikoterapia baizik.

Saiatu gaitezen, luzatze-ariketak plazer bat bihurtzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario