martes, 17 de noviembre de 2009

Rolleskia eta segurtasuna

Elurretan eskiatzeak eta rolleskia egiteak badauzka zenbait desberdintasun. Agian, dagoeneko jabetu zarete horretaz. Hauen artean segurtasuna ez da, hain zuzen, txikienetako bat: erorketaren batean gure ipurdia asfaltoan arrastaka eramateak badauzka bere arriskuak; trafikoari irekita dagoen errepideetan mugitzeak ere, zer esanik ez. Zalantzarik gabe, neurriak hartu beharra dago rolleskia praktikatzeko.

Erorketei dagokienez, aurreneko neurria kaskoa jantzita (eta ongi lotuta) eramatea izango litzateke, ez bakarrik ibilbide lauetan -abiadura hartuko dugulako- baita ere aldapan gora. Arrazoia oso sinplea da: trafikoari irekita dagoen errepide batean bagabiltza, kotxe batekin istripua izanez gero, honen bultzakadak abiadura handian botako gaitu; kasu hauetan, bizikleta istripuetan gertatzen den bezalaxe, arriskutsuenak buruan jasotako kolpeak izaten dira, noski. Bestalde, kaskoa askatuta eramatea, kaskoa ez eramatea da, kolpeak airean botako gaitu, kaskoa alde batera eta gu bestera.

Gainerako babesak -belaun, ukalondo eta eskumuturrekoak- ez dira hain garrantzitsuak rolleskiko ibilera normal batean (ez da ohizkoa rolleskiekin akrobazi ariketetan ibiltzea). Orokorrean ipurdikoen ondorioak mina eta harramazkak baino ez dira izaten.

Eskularruak oso mesedegarriak izaten dira baben aurka; harramazken babes bezala, aldiz, gaur egun bastoien dragonerek ongi babesten dituzte gure eskuak.

Erorketei begira, komenigarria izaten da, baita ere, hasi aurretik beroketaren bat egitea rolleskien gainean. Izan ere, muskuluak berotzeaz aparte, mugimenduen koordinaketa pixkanaka martxan jartzea mesedegarria izaten da.

Trafikoari begira, berriz, behar beharrezkoa da ere neurri zehatzak hartzea.

Kolore biziko arropak erabiltzea laguntza handia izaten da kotxeetatik errazago ikus gaitzaten. Hau beti hartu behar da kontuan, baina bereziki eguraldi txarrarekin, ilunabarrean, lanbroa dagoenean edo argi gutxi dagoen edozein egoeratan. Besteek ikustaraztea zaila bihurtzen denean, hobe saioa bertan behera uztea arriskutan jarri baino lehen.

Aukera izanez gero, beti trafikorik gabeko edo trafiko gutxiko errepideetatik ibili, saiatu ere ordua egokitzen, zenbait lekutan trafikoa asko aldatzen baita egunean zehar.

Ezinbestekoa da errepidean beti eskuineko aldetik eta ongi baztertuta joatea, eta, taldean joanez gero, ilaran jarrita joatea. Bizikletan ibiltzen ohituta zaudetenok pentsa desberdintasun handi bat dagoela, nahiz eta, printzipioz, bizikletan edo rolleskian mugitzea nahiko antzekoak diren segurtasun aldetik: rolleskian goazenean soinu dezente egiten dugu, bai bastoiekin (batez ere taldean goazenean) baita gurpilen frikzioarekin. Soinu horrekin, nahiz eta adi joan, askotan ez gara ongi jabetzen atzetik datozen kotxeez. Beraz, kontuz taldekideen arteko berriketa oharkabeekin: beti adi eta ilaran.

Bukatzeko eta hausnarketa moduan: pentsa gaur egun denok oso barneratuta daukagula errepidetik bizikletan ibiltzeak gure bizitza arriskutan jartzen duela, hainbat istripu larriren berri jasotzen dugulako egunero. Rolleskia txirrindularitza bezain arriskutsua da, dudarik ez; gertatzen dena zera da: jende gutxi dabilela kirol hau praktikatzen eta, beraz, ez dugula istripuen oihartzunik jasotzen. Orain dela gutxi Estatu Batuetako Maineko estatuan gazte baten heriotza gertatu zen rolleski istripu baten ondorioz. Orain hango legebiltzarrak rolleskia arautzeko lege bat sortu du, eta lege horrek rolleskia bizikletaren antzeko ibilgailu bezala ikusten du.

Gure aldetik, eta legeei begiratu aurretik, taxuz eta zentzuz jokatzea da lehenengoa, babes eta segurtasun neurriak hartuz norberaren burua salbu jartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario