martes, 17 de diciembre de 2013

CVCE, Pont d'Espagne 2013




Urtero egin ohi dugun moduan, aurten ere Pont d’Espagne iraupen-eski  estaziora joan gara abenduko igaro berri den zubi honetan.

Betiko bilgune bilakatu den unibertsitateetako aparkalekuan geratu ginen ostiral goizean, eguna argitzear zegoenean. Maletak eta eski poltsak banatu eta maleteroetan antolatu bezain laster, Donostiatik 8 lagun atera ginen kotxe eta furgoneta batean Pont d’Espagnera bidean, non ordu pare bat geroago taldeko beste bi kiderekin elkartuko ginen. Guztira 10 eskiatzaile bildu ginen eskiatzeko prest: Sarasolatarrak (Jokin, Mikel, Esti eta Patxi), Manex Garay, Oier Garbisu, Eneko eta Peru Larrañaga, Beñat Irizar eta Xabier Gardeazabal.

Maletak eta poltsa guztiak Clot-eko Chalet-aterpera igo eta hamaiketako txiki bat hartu ostean, eskiatzeari ekin genion behingoz. Eguraldia gure alde izango genuen hiru egunetan zehar, eta pistetako elurra kalitate ezin hobekoa zen.

Nahiz eta aurtengoan taldeko helduenek ezin etorri izan, aurretik entrenatzeko gidatxoa prestatu ziguten, eta hau jarraitzen saiatu ginen entrenatzaile lanak egiten ibili ginenok. Ostiralean, gehienontzat denboraldiko lehen eskialdia zelakoan, klasiko teknikaren nondik norakoak gogoratzeko ariketak egiten jardun genuen bazkal ordura arteko denbora. Duda barik, oreka behar bezala mantentzea izan zen gehien berreskuratzen kostatu zitzaigun kontua, baina bukatzerakoan, lorturiko hobekuntza nabaria izan zen. 

Oreka lantzen ari ginela, gainera, Beñatek bere erortzeko estilo desberdinak erakutsi zizkigun. 

Arratsaldean, gehiago eskiatu ezin genuenean, bakoitza bere kontuak egitera joan zen: batzuk dutxara eta siestara ondoren, besteren bat ikastera, animatuenak eskiak parafinatzera, eta abar. 

Lehen eguna bukatzear zegoenean eta afaltzen hasteko eserita geundela, gaueko menua zein izango zen asmatzen saiatu ginen, eta gazteen zoritxarrerako, egundoko barazki-zopa izan genuen. Soilik gutxi batzuek platerean jarritakoa amaitu genuen, eta ogia jaki preziatuena bilakatu zen gaztetxoen artean.
Oheratzea iskanbilatsua izan zen ere, gazteon gelan edonolako gauzak hegaka bota eta helduenen garrasi bat edo besteri bide eman geniolarik.

Biharamunean, sasoian jartzeko gosari baten ostean (batzuei afarian asetu gabeko gosea betetzeko balio izan zien…), eskating-eko botak jantzi eta eskiatzera atera ginen danok. Beroketa libre baten ostean, eta Cayan-eko lautadan eguzkiak jotzen hasi zuenean, teknika lantzeko ariketak egiten jardun genuen goiza. Eskating-eko pauso edo martxa desberdinak (bai, kotxeen edo txirrinen antzera) lantzen ibili ginen batipat, batzuentzat kontzeptu berri xamarrak zirelako eta besteontzat hobetzeko lekua zegoelako.
Bazkalostean gaztetxoak euren kabuz eskiatzera joan ziren, barrabaskeriaren bat eginez, noski, eta besteok norberaren entrenamenduak egiten ibili ginen.

Gau lasaiago baten ostean, eta bi kide gutxiagorekin (Larrañagatarrek larunbat arratsaldean joateko plana zeukaten), berriz klasiko egiteari ekin genion. Eguneko elurraren kalitate eta tenperaturarako argizari aproposena aukeratu eta eman ostean, goizeko hotzari aurre egin genion, nahiz eta zeru erabat urdina izan. Ostiralean ez bezala, oreka landu ordez pauso eta bultzada bakoitzari etekina ateratzeko ariketak egiten ibili ginen, argizariak elurrarekin duen ukipena handitzeko indarra behatzetan bilduz.
Eguerdi aldera bazkaldu eta maletak egin ostean kotxeetara joan ginen, eta itzulera bidea hasi genuen. Maletak egiterakoan, gainera, gazteren batek ahaztutako txamarraren bat topatu genuen ere. A ze burua zeuena!

Astebukaerari amaiera borobila emateko, itzulera bidaian trafiko handia topatzeaz gain, Frantzia aldeko errepideko peajeetan komeriak izan genituen, Xabierrek eskuz ordaintzeko leihatilak lehenengoan ezin topatu ibili baitzen, ilara luzeak sorraraziz. Hurrengorako badakigu: jarraitu gezi berdeak!

Laburbilduz, astebukaera bikaina pasa genuen, eguraldia gure alde izanik eta atsekaberik gabe itzuliz. Lasterketak laster hasiko dira, eta ekipoa hurrengo irteera egiteko irrikan dago. Laster arte!

Argazkiak ikusteko, hemen.

Xabi Gardeazabal